PAUSOKA nekazaritza-berrikuntzako proiektu bat da, POTTOKA LAGUN elkarteak bultzatua. Pottokaren ekoizpen-potentziala hobeto ezagutzea, ustiategien bideragarritasuna hobetzea eta arrazak lurraldeari egiten dion ekarpena balioan jartzea ditu helburu.
Proiektuak kudeaketa- eta ekoizpen-sistema desberdinak aztertuko ditu, kalitatezko potro-haragia lortzeko eta, aldi berean, abeltzaintza-eredu jasangarriago eta errentagarriagoa sustatzeko egokienak zein diren identifikatzeko. Haragiaren nutrizio-balioa ere aztertuko da, eta produktu eta merkaturatze aukera berriak landuko dira.
Lurraldeari lotutako bertako arraza
Pottoka Nafarroako eta Euskal Herriko abeltzaintza- eta kultura-ondarearen parte da. Baliabide naturalak ekoizpen-sistema estentsiboen bidez aprobetxatzeko duen gaitasunak zeregin garrantzitsua eman diezaioke biodibertsitatearen kontserbazioan, paisaiak mantentzean eta suteen prebentzioan.

PAUSOKAk, hain zuzen ere, ezaugarri horiek nola aprobetxa daitezkeen aztertuko du, eta Pottoka hazten duten abeltzainentzat zein bertako beste arraza batzuen ustiategientzat baliagarria izan daitekeen ezagutza sortuko du.
Proiektuak, gainera, azterketa paleogenomiko bat jasotzen du. Horren bidez, aztarnategi arkeologikoetako antzinako DNA aztertuko da, gure lurraldeko zaldiaren bilakaera hobeto ezagutzeko eta Pottokaren jatorrian eta ondare-balioan sakontzeko.
Ezagutza abeltzaintzaren etorkizunerako
PAUSOKA POTTOKA LAGUNek arrazaren etorkizuna eta jarraipena bermatzeko garatutako ekintza-planaren parte da. Ikerketa eta berrikuntzarekin batera, planak ekoizleak eta kontsumitzaileak hurbiltzeko eta abeltzaintza estentsiboaren eta bertako arrazen zeregina ezagutarazteko ekimenak jasotzen ditu.
Helburua elikagaien ekoizpena, abeltzaintzaren errentagarritasuna, naturaren kontserbazioa eta landa-garapena batera bultzatzeko eredu baterantz aurrera egitea da.
Pottokaren etorkizuna bermatzeak, azken batean, arraza honek lurraldeari eta gizarteari egin diezazkiokeen ekarpen guztiak ezagutzea, balioestea eta aprobetxatzea ere esan nahi du.

